XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

pasai donibane. AGUR ANARBE

Andoni Korta Aiestaran, Añarbe izenez ezagutua, Z. ARGIAko Errenderiako kronikatzailea, Martxoaren 4an hil zizaigun, 59 urte besterik ez zituelarik.

Gure herriko ikastolako Itziar andereñoen aita hain zuzen.

Gaixorik gelditu baino lehen, astero-astero berak idatzitako Errenderiako berriak, atseginez eta gozamenez irakurri ahal izan ditugu asteroko hontan.

Gu, egia aitor dezagun, hamaika gauza ikasi izan dugu bere kronika haien bidez; bere euskera mamitsuaren bidez.

Ez nuen pertsonalki ezagutzen, nahiz-eta bi edo hiru alditan telefonoz berarekin mintzatu izan.

Urtero herriko jaiak etorri baino hilabete lehenagotik lantegira deitzen bai nion, Z. Argiarako anuntzioak lor zitzan.

Lantegiko nagusiarekin mintzatuko naiz eta bihar erantzungo dizut esaten zidan.

Urrengo egunean egina zegoen.

Gizon estimatua zela, bere hiletan ikusi ahal izan genduen.

Eliza gainezka eta leporaino bai zegoen: lantegiko lagunak, Errenderiako adiskideak eta ezagunak, gure ikastolako umetxoak bere irakasleekin, eta hainbat euskaldun bildu ginan azkeneko agurra emateko.

Gure ikastolako mutiko batek, bere umetasunean, eliza bete-betea ikusi-ta, horrela zion: Eliza hau oso txikia da, haundiagoa egin behar luteke.

Joan zaigu Añarbe adiskidea; baina, berak ereindako euskal azia bere frutua eman eta emango du.

Bi alaba andereño lekuko.

Berak hainbat aldiz idatzi zuena diogu: Egun haundi arte Andoni!!

Bere emazte, amari, seme-alabei, Itziar ikastolako andereñoari batipat, gure samin gartsuena opa diogu bene-benetan.

Pasai S. Pedroko berriak ikusten hasiak gera asteroko hontan.

Sanpedrotarrak noiz hasiko ote ziren bere txokoko berriak ematen aspaldian zai geuden eta hona hemen Ondartxo izenez izenpetzen duen bat jator aski datorkigula hutsune hori betetzera.

Bejondeizuela! Eta zerena zerala jarrai zazu bide egoki hontatik!

Itsas-Mendi Elkarteko mendigoizaleak ez dira lozorroan bizi alajaina! Lan bikaina egiten ari dira umetxoen artean.

Erein azia, bere frutua eman dezan!! Hilero zenbait umetxoekin, hor abiatzen zaizkigute mendira.

Joan den astean, esate baterako, Ulia, Alza, S. Markos-eri jira-bira eman zieten hogei bat neska-mutikoekin.

Datorren astean ere, beste ibilaldia egiteko omen dira.

Ekin gazteok!

Luis Berridi, arrantzale aiton jatorra, gaixorik dagoela jakin dugu Lehenbailehen pizkortzea eta bere pasetxoak eman ditzala bihotzez opa diogu.

Rexu Aikorreta, Inaxo Laboaren emazteak, mutiko sendo bat izan du.

Gure zorionik benetakoena.

Iñalurretak.